XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehengo pentsaera bati loturik nola emanen dugu, bada, gaur fedea?.

Gizonaren eboluzio-maila bereko fede-biziera bat eskaini beharko genioke, fedeari berari eta gizonari leial bagintzaizkio.

Nola, izan ere, gizon honi, historiaren egiletzat eta izadiaren jauntzat bere burua jotzen duen honi, erakus dakioke gure alferkeriaren zulotapatzaile, gure giza-bildurraren eta ausardiarik ezaren babes eta gerizabide den Jainko bat?.

Nola, teknika haroan murgildurik dagoen gizonari, erakus dezaiokegu Jainkoa munduko gorabehera guzien esplikazio eta egile hurbil bezala?, teknika hori, sarri asko, Jainko horren kontra, Prometeoren borrokarekin jaioa, delarik?.

Fededuna, gizon historikoa da.

Eta gizon modernua gaur bizi da, eta ez atzo.

Gaurkotasunez jaso beharko du, bada, bere fedea, Erdi Haroko edo XVII mendeko bilaka ez dakion.

Gaurko problematika guziarekin.

Horregatik hain zuzen, gure arbaso eta gurasoen neurrira egindako fede-molde hori gure gaurko neurritarako desegoki izatea.

Haientzako ondo zegoena, guretzako ez duke balio.

Pontu hau zehazki aztertu behar litzake, gaurko erorketa, abandonatze eta galera anitz fede gabeziari edo ahuleziari, besterik gabe, itsasi aurretik.

Inmobilismoa finkatzeko, alda-beharra ukatzeko, birpentsaketatik dotore libratzeko atxakia politegia da ta.

Fedearen esentzialismoa, fedea denboratik at dagoela, gehiegi azpimarkatzen dutenak, inmobilismoan erortzen dira eta inmobilismoak fedearen dinamismoa hil egiten du.

Ahantzi egiten dute, hizkuntzak, kulturak, gizarteak eta gainontzeko hamaika errealidade kontuan eduki behar direla.

Atzo, atzokoak; gaur, gaurkoak.

Fedea beti historia batetan enkarnatzen da, beraz denbora eta leku batean.

Egia da.

Halere, ez dugu uste historia honek fedearen muina erabat esplika lezakeenik.